GOBERNU ONA EREDU

GOBERNU ONA EREDU – Lourdes Idoiaga, Oñatiko EAJ-PNVko udal taldeko bozeramailea

Lourdes Idoiaga_23Orain inoiz baino gehiago, herritarrak ez daude gustura hainbat erakunde publikoek erakutsitako gobernatzeko modu eta ereduekin. Desengainu hau zentzuzkoa da gobernatzeko modu batzuk aztertzen baditugu, hala nola, gehiengo absolutua duten gobernuen edo alderdi bakarreko gobernuen kasuak.

Espainiar gobernua horren adibide argia da. Beren egitaraua, legeak, dekretuak eta murrizketak (LOMCE adibidez) inposatzen dituzte, gainerako alderdi politiko zein eragile sozialekin adostasunetara iristen saiatu gabe. Eta noski, herritarren eskaerei ere ez diete jaramonik egiten. Baina urrutira joan gabe, hemen ere antzeko praktikak eta jarrerak ikusi ahal izan dugu. Bistakoa da, bestalde, gutxiengoa izanda edota alderdi desberdinez osatu eta eratutako gobernuekin gobernatzea zailagoa eta konplexuagoa dela. Kasu horietan, gainera, gobernuak ekimen gabeziari lotutako kritikak jasotzen ditu maiz, baina, dudarik gabe, agintzeko modu hobea da, ezinezkoa delako zerbait inposatzea eta beharrezkoa aldiz, adostea, iritziak errespetatzea, garden izatea eta eraginkortasunez kudeatzea. Aipatu egoeren aurrean, garai berriek gobernatzeko modu berriak behar dituzte, batez ere, erakunde publikoei dagokienean. EAJ-PNVren Gobernu onaren proposamenak hainbat irizpide eta konpromiso jasotzen ditu: jokabide etikoa izatea, ez inposatzea, iritzi aniztasuna errespetatzea, herri partaidetza eraginkorra eta lidergo-partekatua bultzatzea, pertsona guztien ekitatea bermatzea euren ideologia edozein delarik ere, egoera zailetan daudenekin sentikor eta malguagoak izatea, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak zorroztasunez kudeatzea, gardentasuna bermatzea eta antolakuntza eredu eraginkorra egituratzea. Hauek guztiak bete beharrekoak dira, zalantzarik gabe. Horregatik, gobernu batek baliabide publikoak eraginkortasunez, etikaz eta zerbitzu bokazioz kudeatuko dituzten politikariak behar ditu.

 Lourdes Idoiaga, Oñatiko EAJ-PNVko udal taldeko bozeramailea.

Oñatin, 2014ko ekainak 09.

A %d blogueros les gusta esto: