PEIO OSPITALEN KANTALDIA IGORREKO PARROKIAN

BARIKURAKO PROPOSAMENA

PEIO OSPITALEN KANTALDIA IGORREN (bere lehen bakarkako lanaren aurkezpena)

 Noiz: BARIKUAN, MARTIAREN 24an, 19:30ean

Non: IGORREN, parrokian

Peio Ospitalek bere lehen bakarkako lana aurkeztuko dau Igorren

 Martiaren 24an abestuko dau Igorreko parrokian

Peio Ospital (1948-Itsasu) abeslari lapurtarrak Igorren abestuko dau martiaren 24an, barikuan. Kantaldia,  Arratiako parrokiek martian zehar antolatu daben egitarauaren barruko ekitaldietako bat da eta Igorreko parrokian izango da arrastiko 19:30ean.

Emanaldi horretan Peiok bere lehen bakarkako lana aurkeztuko dau, “Arnasa… Hatsa… Bizia” izenburua daroana. Berrogeita bost urtez Euskal Herri osoan plazaz plaza ibili dan Peio eta Pantxoa bikote ospetsuaren buztarritik askatzeak lan pertsonalagoa egiteko aukerea eskaintzen deutsola dino Ospitalek.

Peio Ospital, kantu konprometiduen bidez, 60. hamarkadearen amaieran euskal kulturaren pizkundean parte hartu eben kantari eta intelektualen artekoa da. Hainbatek erresistentzia edota kontra-podereaz berba egiten dau 60ko hamarkadearen amaierako eta 70eko hamarkadearen hasierako sasoi harero buruz berba egiterakoan.

Sasoi ha, berrogeita bost urteko ibilbidea eta hamalau disko atzen itxiz, bere lehen bakarkako lanagaz dator orain Peio: “disko hau bihurgune bat da, aldaketa sakon bat. Norabide barri bat, bare-aldiaren beharrak eta hausnarketa irrikak sustaturik, azkenean funtsezkoenera itzultzeko: bizia”.

“Arnasa… Hatsa… Bizia…” dira hamalau sorkuntzen hari nagusia, baita diskoaren izenburua.Hau da bizidun guztiak batez be akuilatzen dituen indarra”, dino kantari lapurtarrak, eta segitzen dau: “Ez bila hemen galderei erantzunik. Soilik entzun Mañex Erdozaintzi-k aitatzen eban  “Biziaren mugimendu dardara”, edota Iratzeder-ek “lurren pil pil gozoa”, zuen barruan kantatzen!”

  Lan hau bideratzeko, laguntzaile paregabeak izan ditu: “bederatzi testu Andoni Salamero zumarragar olerkariarenak dira, berbakaz jolasteko daukan trebetasun magikoa agertuz; testu bat Itxaro Bordarena, beste bat Joxe Arregirena. “Baxurko” (1890-1957) hondarrabiarrak 1937an jarritako bertso batzuk biltzen dira eta beste testu bat dago Martine Larroque xiberutarrarena, berak eta Pitzgarriko beste sei kidek izenpetua. Azkenik, nik neuk egindako bertso batzuk”.

        Musikari dagokionez, “Mixel Ducau izan dot laguntzaile estimatu paregabea; berak konposatu ditu  zazpi doinu; Anton Valverdek  hiru;  Andoni Salamerok  bere bi testu musikatu ditu. Xabier Leteren doinu bat be erabili dot, eta azkena herrikoia da. Gauzak soil eta sotil egin gura izan ditugu, oinarri hirukoitza erabiliz: ahotsa, gitarra eta pianoa. Moldaketak Mixel Ducau eta Paul Smet flandiar adiskidearenak dira.  Benetako alkarlan honek ematen deutso disko osoari ezusteko kolorea, sorpresa goxo bat. Gonzalo Tejadak jarri dau kontrabaxua,  eta Iñaki Ospital nire semeak, egin ditu grabazino eta nahasketa lanak”.

            Igorreko kantaldia izango da Hego Euskal Herrian Peiok egiten dauan bere diskoaren bigarren aurkezpena, aurretik Donostian egingo dau eta. Sarrerak Igorreko Gau-Lora kafetegian, Zeanuriko Jubilatuen tabernan eta Otxandioko Fonda tabernan dagoz salgai 10 eurotan aurretik erosten badira eta 12 eurotan egun berean erosita.

 

 

Anuncios
A %d blogueros les gusta esto: